XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

lazkano. UDALEKUAK

Fenomenu interesgarria.

Lehenik, ikastola ikusi genuen jaiotzen, eta esperantzaz beterik.

Hurrena, udalekuak.

Bata eta bestea sendotu-edo direlarik, hirugarren bat nabari dugu jaiotzen-edo.

Ernetzeko zorian bederen: ikastetxetik eta etxetik kanpoko orduetarako haur eta gaztetxoentzat batzokiak herrian.

Noiz ikusiko ote ditugu batzoki horiek arbola mardul eginik?

Baina, nagokion udaletxeari.

Ez dut estadistikarik, baina esan dezadan, barra-barra ikusten ditugu ia haurrak udaletxe bidean.

Nor jarri da ekintza honek dakarren lana neurtzera?

Sukalketa, haurren ardura, guztiaren antolamendua...

Eta nor jarri da, izkutuan eta inor gutxi konturatu gabe eta dohan, udaleku horiek prestatzeko egin behar izan den hauzo lana neurtzera?

Udaletxe bakar bati nagokiolarik, ikustekoa da Aintzinen antolatu den txoko polita.

Baina, txoko polita bezain lan bikaina egun libretan han burutu den lana.

San Pedro egunean eta biharamonean hogeitamarren bat lagunek egin zuen lanaren testigu-erdi duzue honoko hau.

Baina, zein da udaleku horien helburua?

Hori dute galdatzen Nafarroako herri txiki horietako jendeek, hainbat lagun lanean horrela arduraturik ikustean.

Eta hori bera da gure galdera.

Ez nakioke lot helburua zein litzatekeen emateari.

Baina, puntutxo bat aipatzeari ezin utzi.

Eta da, leku horietan gozatzen ari den jendeari, beste jende baten lanaz, eta lan desinteresatuaz, ari direla gozatzen adierazi beharko zaiola.

Hori ikus eraztea, haurrei gizabide jator batetan sartuz joateko kriterio batzu ematea bait litzateke.

Egunen batetan, bide jatorrak eta hain jator ez direnak, hitz jario huts direnak eta ekintza bizi direnak, berez bereizteko gauza izan daitezen.

Zeren, bereizketa ahalmen horren premia handia bait dugu geure artean.

Bestela, beste ezer gabe, basoerdi baten inguruan hitz handiak esaten dituena gelditzen da giza-uren bezala, eta lanean gogor diharduena, gizagajo bat bezala.

METAL-ITTURRI.